• 2018, ekainak 21
    HOBEKI Elkartearen printzipioekin bat egin du Zaldibiako Udalak

    Hernani, Larrabetzu, Gaintz-Gatzaga eta Donemiliagako udalek HOBEKI Elkartea eratu dute, herriz herri hondakinen kudeaketan martxan dauden esperientzia jasangarriak elkar-trukatzeko gune bat izan dezaten toki-erakundeek. Hala, elkartearen printzipioekin bat egitea eta printzipio horiekin koherentziaz eta jarrera aktiboaz aritzea erabaki du Zaldibiako Udalak, gehiengoz.

    HOBEKI Elkartea eratu berri dute hainbat udalek. Zehazki, Hernani, Larrabetzu, Gaintz-Gatzaga eta Donemiliagako udalek. Hondakinen kudeaketan herriz herri lantzen ari diren esperientzia jasangarriak eta ekimenak elkar ezagutu eta partekatzeko bokazioz jaio da HOBEKI. Hain justu, ekainaren 7ko osoko bilkuran, EHBilduk mozio bat aurkeztu zuen, Zaldibiako Udalak elkarte horrekin bat egiteko eskatzeko. Proposamenak EHBilduren aldeko botoak jaso zituen; Zaldibia Herrigintzanek aurka bozkatu zuen.

    Mozioan azpimarratzen denez, “hondakinen erabilera gure bizimoduaren isla da. Kontsumo-ohiturak, pertsonok gizarte-antolaketan dugun tokia, naturarekin dugun harremana, garapena ulertzeko modua… horiek denak agerian geratzen dira hondakinen kudeaketari erreparatuz gero. Eta, herritarron bizimoldeak ez ezik, erakunde publikoen jokabideak ere nabarmen azaltzen dira”.

    Hori horrela, honakoa proposatu zion EHbilduk Zaldibiako udalbatzari:

    1. Elkartearen printzipioak onartzen ditugu, eta hondakinen politika printzipio horien arabera garatzeko konpromisoa hartzen dugu.

    2. Udalerriaren unean uneko egoeraren berri emango diogu elkarteari. Horretarako, ahalegina egingo da adierazleen taula osatzen, datuak lortzen, eta eskuratutako datuak elkarteari jakinarazten. Horrela, urteetako bilakaera jasotzeko eta erregistratzeko konpromisoa hartzen da. Egoeraren arabera, udalerriak mailaka sailkatuko dira elkartearekin bat egiten duten momentuan.

    3. Udalerriko hondakinen kudeaketarako plangintza bat diseinatu eta martxan jartzeko konpromisoa hartzen da. Plangintza horretan jasotako neurriak eta helburuak koherenteak izango dira elkartearen printzipioekin.

    4. Tratamendu finalistara doan zatia ahalik eta txikiena izateko konpromisoa hartzen da. Zabortegi konbentzionalen edo errauste-planten ordez, bestelako tratamendu jasangarriak hobetsiko dira.

    Hauexek dira HOBEKI Elkartearen printzipioak:

    1. Osasunaren eta ingurumenaren zaintza lehenesten dugu hondakinen kudeaketan. Ez da kudeaketa onik herritarron osasuna arriskuan jartzen badu, edo naturari kalte egiten badio.

    2. Herritarrok eta herri-erakundeok elkarren eskutik joan behar dugu. Eginkizun honen izaera kolektiboa nabarmentzen dugu, eta gizalegez jokatu beharra azpimarratzen. Hondakinak ondo sailkatzea guztion betebeharra da, eta ondo sailkatutakoak ondo tratatzea herri-erakundeon betebeharra da. Utzikeriaz edo zabarkeriaz jokatzea, aldiz, ez da inoren eskubidea. Kostu ekonomikoak portaeretara doitu behar dira: ez da onargarria jokabide egokia dutenei besteen utzikeria ordainaraztea.

    3. Herritarrak ahalduntzeak eskatzen du, batetik, prozesu osoaren parte aktibo izateko aukera ematea, bigarrenik, hondakin horiekin hasieratik bukaerara zer egiten den garbi azaltzea, eta, hirugarrenik, erabakietan parte hartzeko aukera ematea.

    4. Kudeaketak hondakinen zikloa bere osotasunean hartu behar du, ikuspegi zirkularra landuz. Sortutako hori naturara itzuli behar da, kalterik eragin gabe, eta, ahal dela, modu probetxugarrian. Hondakinak izan bitez lehengai.

    5. Edozein tratamenduren abiapuntutzat dugu murriztea. Hondakinik onena sortzen ez dena da. Prebentzio neurriak zorroztu beharra dago, erakundeen inplikazio irmoz.

    6. Bilketak eraginkorra izan behar du, horretan oinarritzen baita ondorengo tratamendua. Langintza horri dedikatzen zaiona, aurreragoko inbertsioa da. Gaika biltzeak alderdi kuantitatiboari nahiz kualitatiboari dakarkio hobekuntza. Bilketaren emaitza neurtu, ebaluatu eta hobetu beharra dago etengabe, eta zeregin horretan beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak aplikatu behar dira.

    7. Murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea dira, ordena horretan, lehenetsi beharreko tratamenduak.

    8. Europako jarraibideek agindutakoarekin bat, balorizazio materiala hobesten da balorizazio energetikoaren kaltetan. Europako erakundeek garbi adierazi dute gaur egun ez duela zentzurik erraustegirik eraikitzeak, Europak lehen ere sobera dituelako horrelako azpiegiturak. Ezetz diegu, halaber, zabortegi konbentzional kutsakorrei.

    9. Azpiegitura lokalak lehenesten ditugu, tokiko garapena indartzea eta garraioa murriztea dakartelako, besteak beste. Era berean, azpiegitura eskalagarrien alde egiten dugu, azpiegitura zurrunak baztertuz, etorkizuna hipotekatu gabe garaian garaiko baldintzetara egokitzeko aukera ematen dutelako. Multinazionalen negozio-gosearen aurretik, herritarren interesa lehenesten dugu.

    10. Aurrerakuntza teknologikoei duten garrantzia eman behar zaie. Hondakinen sailkatze gero eta finagoa eta xeheagoa beharrezkoa da, eta material egokiak erabiliz, horiek berrerabiltzeko eta birziklatzeko teknologietan inbertitu beharra dago.

Zaldibaiko herri ataritik ateratako ekitaldien agenda
<< 2018, uztaila >>
As. As. As. Ost. Ost. Lar. Ig.
      1
 
2
 
3
 
4
 
5
 
6
7
 
8
 
9
 
10
 
11
 
12
13
 
14
15
 
16
 
17
18
 
1920
 
21
 
22
 
23
 
24
 
25
 
26
 
27
 
28
 
29
 
30
 
31
 
     

AZKEN IRUZKINAK

Boletina /