• 2018, urriak 25
    Plaza eraberrituko duten lanak hastear

    Udazken betean eta herriko festak pasata, hastera doaz herriko plaza eraberritzeko lanak. Artxanberriko kulturgunea eta posta bulego berria eraikita, Kultur Etxe Zaharra (Eskola zaharrak) eraisteko lanei ekingo zaie.

    Aste honetan jarri da martxan posta bulego berria Artxanberri eraikinaren behe solairuan. Kulturgunea ere eraikita eta ekipatuta dago, baina geletako ateen fabrikazioan izan den atzerapena dela eta, oraindik ez da irekiera osoa egiterik izan. Hala ere, hainbat gela martxan jarri dira orain arte Kultur Etxe zaharrean ematen den zerbitzua hartzeko: musika eskola, xake eta margoketa tailerrak, eta bertso eskola. Epe motzean espero da ateak iritsi, sarraila digitalak instalatu eta kulturgunea bere osotasunean martxan jartzea eta orduan egingo da irekiera ofiziala emateko inaugurazio ekitaldia.


    Kultur Etxe Zaharra hustuta beraz, berau eraisteko lanak hasteko moduan gara. Lehen deialdian (deialdi irekia) ez zen enpresarik aurkeztu eta bigarrenean (prozedura negoziatua) deialdia jaso zuten hiru enpresetatik bik aurkeztu zuten beren eskaintza, Excavaciones Mugertza S.L.-ek eta Construcciones y Excavaciones Iturrioz-ek. Lehenak aurkeztu du eskaintza hobea eta beraz Excavaciones Mugertzak botako du eraikina. Lanak segituan, datorren astean, hasiko dira.


    Eraispenaren ondoren, Udal Eraikin berriaren obra jarriko da martxan. Urriaren 23ko Osoko Bilkuran Udaletxe berria eraikitzeko esleipen-pleguak onartu ziren aho batez eta jada iragarkia jarrita dago kontratatzailearen profilean enpresak aurkeztu daitezen. 26 eguneko epea dute horretarako, azaroaren 30era artekoa. Abenduan adjudikazioa egin eta lanak urtarrilean hastea da asmoa. Hemen dago ikusgai iragarkia.


    Herriko plaza izanik, datozen hilabeteetan garatuko diren lanek hainbat eragozpen sor ditzaketenaren jakitun, Udalak jakinarazi nahi die herritarrei beharrezko segurtasun neurriak hartuko direla eta eguneroko bizitza ahalik eta gutxien oztopatzeko lan egingo duela.

AZKEN IRUZKINAK

Boletina /