• 2019, uztailak 24
    Nafarroa erdialdeko uholde larrien aurrean, Zaldibiako Udalak onartutako akordioa

    Uztailaren 8an izandako eurite handiek eta Zidakos ibaiak gainezka egin izanak, bereziki, Nafarroako erdialdeko Tafalla, Erriberri, Puiu, Beire, Pitillas, Leotz eta beste hainbat herri kaltetu zituen. Gertaera hauen inguruko irakurketa egin eta hemen plazaratzen dugun akordioa hartu du Zaldibiako Udalak aho batez.

    Pasa den uztailaren 8an izandako eurite handiek eta Zidakos ibaiak gainezka egin izanak, bereziki, Nafarroako erdialdeko Tafalla, Erriberri, Puiu, Beire, Pitillas, Leotz eta beste hainbat herri kaltetu zituen, etxebizitzetan, garajeetan eta komertzioetan kalte garrantzitsuak eragiteaz gain, oinarrizko azpiegiturak ere kaltetuak izan zirelarik, baita herrietako komunikazio bideak, kaleak eta landa-bideak ere.

    Zoritxarrez, uholde hauek, 25 urteko Zeru Cañada Zorrilla gaztearen heriotza eragin zuten, bizi zen Gardalain  herrira kotxez zihoala.

    Hondamendi natural honek eskumena duten administrazio publikoen parte-hartzea eskatzen du, baita hain larriki kaltetua izan den eskualde honekiko elkartasun ekonomikoa adierazi nahi duten administrazio guztien diru-laguntza ere. Tafallako eta beste herri batzuetako udalek antolatutako auzolanetan herritar ugarik erakutsitako elkartasun pertsonalaz gain, beste toki-entitate batzuek auzolan ekonomiko bat sustatzea posiblea izanen litzateke, besteak beste, euriteek eragindako kalteak moldatzeko behar diren inbertsioei aurre egin ahal izateko.

    Guzti honen aurrean, Zaldibiako Udalak, ondorengo akordioa hartzen du 2019ko uztailaren 23an burututako osoko bilkuran aho batez.

    Lehena.- Udal honek uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean gertatutako euriteen eta uholdeen ondorioz kaltetutako herritarrei eta udalerriei elkartasuna adierazi nahi die, eta, bereziki, Zeru Cañada Zorrillaren senitartekoei.

    Bigarrena.- Zentzu berdinean eta udalerri horietako zerbitzuetan edo azpiegituretan euriteek eragindako kalteak berreraikitzen laguntzeko, 300 euroko diru-laguntza bideratzea onartzen du Zaldibiako Udalak.

    Hirugarrena.- Udal honek kaltetuak izan diren herriei beraien elkartasuna adierazteko auzolan ekonomikoan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak, horretarako kaltetutako udalek ireki dituzten banku-kontuetan egokia ikusten duten ekarpena eginez.

    Laugarrena.- Herritarrei akordio hauen berri ematea eskura dituen bitartekoen bidez.


    Zaldibian, 2019ko uztailaren 23an.

     

     

    Mozio hau, Zaldibiako EH Bilduk aurkeztu eta Zaldibiako udalbatzak aho batez onartu zuen 2019ko uztailaren 23an buruturiko plenoan.
     

AZKEN IRUZKINAK

Boletina /