• 2019, urriak 18
    Udalak kataluniarekin elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu du ostiralerako

    Gaur urriak 17, Zaldibiako Udalbatzak aho-batez ondorengo adierazpena onartu eta bihar ostiralerako herritarrak plazan biltzera deitu ditu arratsaldeko 20:00etan.

    ZALDIBIAKO UDALAREN ADIERAZPENA


    1. Zaldibiako Udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriaren 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegizkoa izan zela, eta Kataluniak eta Euskal Herriak berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.

    2. Zaldibiako Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Espainiako Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.

    3. Zaldibiako Udalak nabarmentzen du Kataluniako ‘Procés’-aren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.

    4. Zaldibiako Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere, herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten du. Eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz erantzuten dio, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean. 

    5. Zaldibiako Udalak Estatuko botereei eskatzen die, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzala eta, era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzala.

    6. Zaldibiako Udalak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei, hala nola, Kataluniako herriari eta erakundeei, eta zaldibitarrei dei egiten die bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.

    Urriak 18, ostirala, iluntzeko 20:00etan elkarretaratzea deitzen du Udalak plazan eta herritarrei bertaratzeko gonbitea egiten dizue.


    Zaldibian, 2019ko urriaren 17an

    Zaldibiako udalbatzak plenoan aho-batez onarturiko mozioa.

AZKEN IRUZKINAK

Boletina /