• 2019, urriak 31
    Goierriko Foru Bidegorrien eraikuntzaren aldeko Adierazpena

     Goierriko Foru Bidegorrien Eraikuntzaren aldeko adierazpena aho batez onartu zen astearteko Osoko Bilkuran, EHBilduk proposatuta. Jarraian adierazpena osorik.

    AURREKARIAK


    2011/2015eko agintaldian, Gipuzkoako  Bizikleta  Bideen  Lurraldearen  Arloko Plana prestatu, onartu eta Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman zen. Bertan, Batzar Nagusietan ordezkatuta zeuden alderdi politiko guzti-guztiek, Aralar, PP, PSE-EE, EAJ/PNV eta Bilduk aldeko botoa eman zioten, Planak Foru Arau bilakatuz eta berau betetzea loteslea izanik.


    Foru Arauaren hitzetan, jendarte  aurreratuetan  joan-etorriak  nabarmen  hazi  dira eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, gainerako administrazio eta gizarte eragileekin batera, motorrik gabeko mugikortasunaren alde egiteko beharra ikusi du, oinezko eta bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatuz. Horrela, bizikletak beste garraiobideen aldean garrantzi handiagoa eta protagonismo gehiago hartzea funtsezkoa da, izan ere, garraiobide biguna da, ingurumenaren  ikuspegitik  iraunkorra,  energiaren  aldetik  eraginkorra  eta arlo sozialean osasungarria eta bidezkoa.


    Horregatik guztiagatik,  ezinbestekotzat  jo zen  bizikletentzako  eta oinezkoentzako  herriarteko  bide  sare  bat  edukitzea,  behar bezala  planifikatua,  eraikia,  artatua  eta  zaindua,  Gipuzkoako hirigune nagusiak lotzeko.


    Horrela, herrietako eta herriarteko bizikleta bideen azpiegitura multzo moduan ulertu zen eta bederatzi ardatz nagusi edo ibilbidetan banatu zen Gipuzkoa osoa, 3. Ibilbidea, Donostia-Beasain, Goierri lotuko zuena izango zelarik.


    Bidegorri hauen eraikuntza, lau urteko bi etapatan programatu zen eta Foru Arauak markatzen zuen etapa bakoitzean zein zati garatuko zen. Horretarako, urtero, gutxi gora behera, 14 miloi euro inbertitzea aurreikusten zen. 2015-2019 agintaldian, ordea, ez da diru-kopuru hori inbertitu eta beraz ez dira planean aurreikusitako lanak epe barruan burutu, tartean Ordizia eta Zaldibia lotzen dituen bidegorria, 2017ko ekainerako gauzatua izatea aurreikusten zena. Dagoeneko 2017-2021ko 2. lau urtekoan sartuta gaude, erdia pasa da eta guk dakigula, ez dago bidea egiteko aurreikuspenik.


    Beraz, eta goian azaldutako arrazoi guztiak kontuan harturik, adierazpen hau onartu da aho batez:


    ADIERAZPENA


    1.     Zaldibiako Udalbatzak bat egiten du 2013ko ekainaren 10ean Gipuzkoako Batzar Nagusietan aho batez onartu zen Bizikleta  Bideen  Lurraldearen  Arloko Plana (2013/2021) Foru Arauarekin eta eskatzen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari berau betetzea.


    2.     Zaldibiako Udalbatzak eskatzen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari Gipuzkoako Bizikleta  Bideen  Lurraldearen  Arloko Planak Goierrirako aurreikusten dituen foru bidegorrien eraikuntza ez baztertzea eta beraien lanei ahalik eta azkarren ekitea.


    3.      Zaldibiako Udalbatzak eskatzen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari 2020ko aurrekontuetan partida bat sor dezala Goierrin 2013/2017ko 1. lau urtekoan eraiki behar ziren bidegorri guztien finantzaketa berma dezan, tartean Ordizia eta Zaldibia lotzen dituena.


    4.     Zaldibiako Udalbatzak eskatzen dio Gipuzkoako Foru Aldundiari Bizikleta  Bideen  Lurraldearen  Arloko Planak Goierrirako aurreikusten dituen udal bidegorrien eraikuntza osatzeko 2020ko aurrekontuetan, helburu horri begira eta udalak diruz laguntzeko, partida bat sor dezala.


    5.      Zaldibiako Udalak adierazpen hau Gipuzkoako Batzar Nagusietara, Gipuzkoako Foru Aldundira, Mugikortasun Sailera, eta Gipuzkoako Bizikleten Kontseilura bidaliko du, eta beharrezko ikusten dituen hartu-emanak hasiko ditu.


    Udalbatzak aho batez onartua, Zaldibian, 2019ko urriaren 29an


     

AZKEN IRUZKINAK

Boletina /