2026-11-25
Azaroaren 25eko adierazpena
Indarkeria matxista desagerrarazteko nazioarteko eguna dela eta, euskal udalok herritarrei hausnarketarako eta konpromisorako deia egin nahi diegu. Jarraian duzue adierazpena irakurgai.
Azaroaren 25a, indarkeria matxista desagerrarazteko nazioarteko eguna dela eta, euskal udalok herritarrei hausnarketarako eta konpromisorako deia egin nahi diegu.
Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa da, gure gizartean errotuta dauden desberdintasun- eta botere-harremanen ondorio den egiturazko arazoa. Hainbat forma eta adierazpen ditu, eta emakumeen* aurkako indarkeria da horien artean adierazpen nagusietako bat, emakumeen* eta gizonen arteko desberdintasun estrukturalean oinarritzen dena. Adierazpen honen bidez, indarkeria matxistaren errealitate zabal horren barruan, emakumeen* aurkako indarkerian jarri nahi dugu arreta berezia, indarkeria hori ulertzea, prebenitzea eta desagerraraztea funtsezkoa baita berdintasunezko gizartea eraikitzeko. Horretarako, erakundeek, gizarte-erakundeek eta gure komunitatea osatzen dugun pertsona guztiek konpromisoa hartu behar dugu.
Horregatik, azaroaren 25 honetan, errealitate horren aurrean dugun zeregina zein den galdetzeko deia egiten dugu, gaitzespen hutsetik harago joateko. Non gaude emakume* batek laguntza behar duenean? Non gaude emakumeak* iraintzen, kontrolatzen edo gutxiesten dituzten portaerak ikusten ditugunean? Non gaude isiltasunak, axolagabekeriak edo indarkeria matxistaren normalizazioak desberdintasuna eta indarkeria iraunarazten laguntzen dutenean? Non gaude gure sare sozialen bidez irudi edo mezu misoginoak iristen zaizkigunean?
Indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko, inplikazio aktiboa eta egunerokoa behar dira. Ez da nahikoa indarkeria agerikoa denean arbuiatzea. Beharrezkoa da errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea, indarkeria matxistari eusten dioten jokabideak zalantzan jartzea, diskurtso misoginoen aurrean isiltasuna haustea eta indarkeria matxista ukatzen edo gutxiesten duten diskurtsoei aurre egitea. Era berean, ezinbestekoa da indarkeria jasaten duten emakumeei* laguntzea eta esparru guztietatik indarkeria matxistarik gabeko inguruneak sortzen laguntzea.
Indarkeria matxistaren aurrean ez dago neutraltasunerako tarterik. Ez begiratzeak, ez erreakzionatzeak edo isilik geratzeak ere ondorioak ditu. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu aurrerapauso bat ematera: entzun, lagundu eta sostengatzera; gertatzen denarekiko interesa agertzera; eta emakumeen* aurkako indarkeria matxista prebenitzeko eta eragozteko jardutera.
Udalok, herritarrengandik hurbilen gauden erakundeak garen aldetik, gure udalerrietako herritarren konpromiso partekatua sustatu nahi dugu, indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurrean jarduteko. Bereziki, emakumeen* aurkako indarkeria matxistari aurre egiteko erantzukizun kolektiboa indartu nahi dugu, egiturazko desberdintasunen ondorio den indarkeria hori desagerrarazteko. Herritarrak jarrera aktiboa hartzera eta konponbidearen parte izatera gonbidatzen ditugu, erantzukizun pertsonaletik eta kolektibotik abiatuta. Horrela bakarrik egingo dugu aurrera gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta indarkeria matxistarik gabeko baterantz.
Horretarako, konpromiso hauek hartzen ditugu:
• Indarkeria matxistaren forma eta adierazpen guztien aurrean herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko kanpainak garatzea, arreta berezia jarriz emakumeen aurkako indarkeria matxistaren prebentzioan.
• Indarkeria matxistako egoeren aurrean erantzun publikorako mekanismoak eta herritarren parte-hartzea sustatzeko ekimenak artikulatzea.
• Indarkeria matxistako egoeren inguruan herritarrek egiten dituzten jakinarazpenak, salaketak eta alertak bideratzea, eta egoera bakoitzean erantzun egokiak aktibatzea.
• Haur eta nerabeei zuzendutako hezkidetza-programak garatzea, berdintasunean hezten eta indarkeria matxista prebenitzen laguntzeko.
• Herritarren sareak aktibatzea, indarkeria matxista antzemateko eta hari aurre egiteko, indarkeria jasaten duten emakumeei* laguntzeko eta, bereziki, mutilen eta gizonen inplikazioa eta erantzukizuna sustatzeko.