2026-11-18 | Albisteak

'Kapsula kuantikoa' Zaldibiara iritsiko da

Azaroaren 27an, goizez eta arratsaldez, plazan izango dugu 'Kapsula kuantikoa'. Egitasmo ibiltariaren helburua da bisita gidatuen bidez herritarren artean zientziarekiko jakin-mina piztea, eta erakustea ezagutza zientifikoa ulergarria izan daitekeela edonorentzat. Informazioa, jarraian.

Eusko Jaurlaritzak zientziaren inguruko ezagutza herritarren artean zabaldu nahi du, eta horretarako Kapsula Kuantikoa izeneko egitasmo ibiltaria jarri du martxan, fisika eta teknologia kuantikoa herritarrei modu irisgarri, parte-hartzaile eta erakargarrian hurbiltzeko asmoz. Azaroaren 27an iritsiko da Kapsula kuantikoa izeneko ibilgailua Zaldibiako plazara, eta bertan herritarrek fisika kuantikoaren oinarrizko printzipio batzuk deskubritzeko eta eguneroko bizitzan dituen aplikazioak ezagutzeko aukera izango dute bisita gidatuen bidez.

Kapsula Kuantikoan ikus-entzunezko baliabideak eta instalazio interaktiboak uztartzen dira herritar talde bakoitzaren gaitasunera egokitutako azalpenekin, esperientzia aberasgarria izan dadin. Goizez eta arratsaldez izango da Zaldibian: Goiz partean, taldeei zuzendutako saioak eskainiko dira, eta arratsaldean, berriz, herritarrei guztiei egongo da irekita. Saioek 50 minutu iraungo dute, baina azalpenen erritmoa eta iraupena hartzaileen arabera moldagarria izango da.

Saioak erreserbatzeko, elkarte edo norbanakoek info@kuantika.eus helbidera idatzi edo 945 18 07 36 telefono zenbakira hots egin dezakete. Horrez gain, Zaldibiako kultura teknikariarekin ere harremanetan jarri daitezke ekimenaren inguruko argibide gehiago jasotzeko.

Zer: Kapsula Kuantikoa

Noiz: Azaroaren 27an

Non: Zaldibiako Plazan

Ordutegia: Goizez 09:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 19:00etara.