Abenduak 3: Euskaraldiaren amaiera eta Kimueneren irekiera

Astelehena izanagatik, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, "festatxoa" izango dugu iluntzean herrian. Gaztaina erreen epelean, euskaraldiaren 11 egunei agur esan eta Kimuene Kulturgune berriko ateak irekiko dira 18:30etik 19:30era bitarte. Beraz, herritarrei Artxanberrira bertaratzeko deia egiten dizuegu. 

Artxanberri eraikinean, 1 eta 2 zenbakidun portalen artean kokatua, tamaina eta baliabide ezberdineko hainbat gela eskaintzen dituen kulturgunea da Kimuene. 7 gelaz, areto nagusi batez, bi biltegiz eta komunez osatua dago. Hauek guztiak ikusi ahal izango dira asteleheneko ate irekieran, eta hainbat gelatan gaur egun egiten diren jarduerak ere ikusi ahal izango dira zuzenean. 

2014an garatutako "Nolako Zaldibia nahi duzu?" parte hartze prozesuan zehaztu zen Artxanberri Eraikinean Udalak zuen lokalean kulturgunea eraikitzea eta 4 urte geroago errealitate bihurtu da. Eusko Jaurlaritzaren Erein diru-laguntza eskuratuta garatu du Udalak proiektua eta Kultur Etxe zaharra bota zenetik martxan baldin badago ere, astelehenean irekiko da ofizialki. 

Kimuene “kimuek” osatzen dute, aldian aldian daudenek, herri-mugimendua aldakorra izanik eta eragile bakoitzak bere zikloa izaten duela kontuan hartuz, kulturguneko erabiltzaileak ere aldatzen joango dira. Altzariek erabilera anitzerako bide ematen dute, jarri-kendu, eraman-ekarri, jarduera bakoitzak eskatzen duenera egokituz. Bakoitzak bere urteroko programa edota jarduerak ditu, baina espazio bera konpartitzeak bide eman lezake orain arte ezagutu gabe gurutzaketak gertatzeko. Zergatik ez margoketa tailerrekoen erakusketa bat, musika eskolan zeharkako txirula ikasten ari den baten doinuek girotua? Edo dantza eta bertsoa uztartzen dituen emanaldi bat? Kulturgune honek halako gurutzaketak gertatzea lagundu nahi du ekimen berriak loratu daitezen.

Herritarrei, beraz, astelehenean 18:30etik 19:30era Artxanberrira gertura daitezen gonbitea egiten dizuegu.