Covid Ziurtagiria eremu itxi gehiagotan eskatuko dute gaurtik

Atzo, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaileek baimena eman zioten Eusko Jaurlaritzari COVID ziurtagiria eremu itxietara zabaltzeko eta gaurtik indarrean den dekretuak zehaztu ditu eremu horiek. Jarraian ikusi ditzakezu:

Gaur argitaratu denez, honakoak dira lehendik zeuden eremuez gain, Covid Ziurtagiria eskatuko duten lekuak:

  1. Kontzertu-aretoak eta erabilera anitzeko aretoak edo gaitutako beste espazio itxi batzuk, kontzertuak, musika-jaialdiak eta bestelako kultura- eta arte-ekitaldiak egiten direnean.
  2. Ostalaritza-establezimenduak eta jatetxeak, baita oturuntza-aretoak ere, dantza egiteko aukera ematen duten jarduerak egiten direnean, bertaratuen kopurua zeinahi dela ere.
  3. Kiroldegiak, gimnasioak eta jarduera fisikoa eta/edo kirola egiten den bestelako barne-espazioak, izan kirolarientzat, laguntzaileentzat nahiz publikoarentzat.
  4. Kirol-instalazio itxiak, hala nola, estadioak, frontoiak edo antzekoak, sarrera kontrolatzeko sistema batekin (tiketak, abonamenduak, gonbidapenak, eta antzekoak) eta 100 pertsona baino gehiago bertaratuta lehiaketak egiten direnean.
  5. Ospitaleak, zentro soziosanitarioak eta espetxeak: ospitaleratutako pazienteak edo egoiliarrak bisitatzen dituzten pertsonak.

Azken 14 egunetan COVID-19ak Euskal Autonomia Erkidegoan izan dituen kasu positiboen intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 300 kasukoa edo gehiagokoa den artean, aurreko artikuluan aipatutako establezimendu, ekitaldi, jarduera eta lekuetara sartzeko eta bertan egoteko, ezinbestekoa izango da erabiltzaileak Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) erakustea, izan paperean zein euskarri digitalean. Betekizun hori ez da beharrezkoa izango 12 urtetik beherakoentzat ezta lokal hauetako langileentzat ere. 

Inzidentzia-tasak astelehen eta ostegunetan argitaratzen dira, lotura honetan. Gogoratu udalaren web orri honetan ere, eskuinaldeko barran, Zaldibiako datu eguneratua kontsultatu dezakezula.

Lotura interesgarria: Covid-Ziurtagiria nola eskuratu