Herri-Hezitzaileen Sarearekin elkarlanean beste urtebetez

Apirilaren 30ean Karreane Kultur Etxean izan den prentsaurrekoan sinatu dute 2021eko hitzarmena Oinherri Herri Hezitzaileen Sareak eta Zaldibiako Udalak. Iaz hasiera eman zitzaion bideari jarraitzeko erronka ugari aurten ere, bai herri mailan, baita Euskal Herri mailan, haur eta gaztetxoen beharrak oinarri. Hitzarmena sinatu den ekitaldi berean, maiatzean zehar herriko gaztetxoekin egingo den prozesua ere aurkeztu dute. Jarraian informazio osoa.

 

2021eko apirilaren 30ean, Zaldibiako Karreane Kultur Etxean bildu dira Oinherri Herri Hezitzaileen Elkarteko sustatzaileak, Zaldibiako Udala eta Emun aholkularitzako dinamizatzailea. Jarraian pentsaurrean irakurri den testua:

 

Kaixo denoi!

Behin eta berriz aipatu izan dugu une zail, berezi eta latz bat bizitzen ari garela. Badirudi azken urtean Covid-19az haratago ez dugula besterik; eguneroko ogi eta elkarrizketetako protagonista bihurtu baita pandemia eta honek eragin duen guztia. Musukoak, distantzia, bakartzeak, konfinamendua, txertoa...

Udaletik ere azken urtean pandemiak ezarri digun erronkari ahalik eta hoberen eta intentzio onenarekin erantzunez jardun dugu eta honek xurgatu ditu gure denbora, esfortzu eta bitarteko gehienak. Baina tartean, itzalean geratu diren hainbat ekimen eta hautu ere egin ditugu.

Horietako bat, aurreko urteko martxoan Udalbatzako gehiengoaren babesaz Zaldibia Herri Hezitzaileen sarearen parte bihurtzea izan zen esaterako. Gaur, orduko hura gogorarazi eta herritarrei beste urtebetez sareko kide izaten jarraituko dugula adierazi nahi genieke.

Duela urtebete aipatzen genuen moduan, herriko haur, gaztetxo eta kolektibo zaurgarrienak erdigunean jarri eta periferian geratzen diren sektore horiekin guztiekin eta guztientzat pentsatutako herri bat eraikitzeko bidea jorratzen jarraituko dugu, alegia.

Normalean kolektibo hauek aintzat hartzen ez direnaren adibide garbi bat konfinamendu garaian eta ondoren, haur eta nerabeek bizi izan zuten eta duten egoera krudela izan da, neurri asko eurak existituko ez balira bezala hartu baitziren eta oraindik ere halaxe hartzen direlako.

Horregatik, Oinherri sarea osatzen duten lagun eta herriekin batera, bidea egiten jarraitu nahi dugu, gogotsu eta ilusioz, behar-beharrezkoa delako. Gurekin dugu Maite Azpiazu Errazkin Herri Hezitzaileen Sareko sustatzailea eta berari emango diogu hitza.

 

Oinherri, Herri Hezitzaileen Sarea:

Oinherritik oso pozik gaude Zaldibi herri hezitzaileen sareko parte izateagatik. Herrien arteko elkarlan eta babesean oinarritzen den sare honetan, Zaldibiko esperientzia, sareko gainontzeko herriekin elkar-banatzeko aukera izatea oso aberasgarria baita guretzat. Eta aldi berean, ziur gaude Zaldibik ere sareko beste herriengandik jaso dezakeena oso interesgarria izango dela.

Bizitzen ari garen garaiak zaila izanagatik ere, Zaldibiko Udalak herri hezitzailearen filosofia herrien txertatzeko gogo eta ilusio handia dauka eta horretan Oinherri bidelagun izango du beharrezkoa den aholkularitza eta formazioa eskainiz. Eta nola ez, herri hezitzaileen sareko parte diren 25 herriekin batera sarean lan egiten ikasiko dugu elkarrekin, kolektiboan lan egiteak dakartzan babes eta sinergia guztiak aprobetxatuz.

2021. urteko lan ildoen artean, nerabezaroaren kulturan eta gazteekin parte hartzean sakondu nahi dugu herri hezitzaileen sare honetan. Herri ezberdinetan egiten ari zareten ekimenak balioan jarriz eta elkarrengandik ikasiz.

Oinherritik hezkuntza, ardura konpartitu gisa ulertzen dugu. Familia eta eskolaz haratago, herria bera eremu hezitzaile moduan ulertzen dugulako, eta herritarrak eragile hezitzaile kontsideratzen ditugulako. Hezkuntza ez baita haurtzarora mugatzen, gutako bakoitza, jaiotzen garenetik hiltzen garenera arte, hezigarriak eta aldi berean hezitzaileak garela ulertzen baitugu.

Oinherritik, teoria eta praktika uztartuz, herrigintzatik, parte hartzea sustatuz, balio hezitzaileak hedatzeko helburuarekin berritzen dugu lankidetza hitzarmen hau Zaldibiko udalarekin. Herritar zaurgarrienak erdigunean jarriz eta parte hartzearen bitartez, komunitatea saretuz, gobernantza eredu berri irekiago bat eraikitzeko.

Argi dago munduak norabide aldaketa bat behar duela eta hori herritar guztion artean egin beharko dugula; inor atzean uzti gabe. Udalak, hezkuntza formal zein ez formaleko elkarteek, eta herrigintzako eragileek elkarrekin lan eginez.

Espero dugu Oinherri eta Zaldibiko Udalaren arteko elkarlan hau urte askotarako lankidetza bat izango dela eta elkarrekin bide eder-eder bat marraztuko dugula.

 

 

Gaurkoan, gure konpromisoari segida emateaz gainera, kolektibo jakin bati, gaztetxoenari erreferentzia egin nahi genioke eta Oinherri Sareak, Zaldibiako Udalak eta Emun Aholkularitzak elkarlanean landu dugun proiektu bat aurkezteko aprobetxatu.

Beste askok bezala, garai zailak bizi izan dituzte eta bizitzen ari dira gaztetxoak azken urtebetean, bizitzako sasoi horretan dituzten gizarteratzeko beharrak oso mugatuak dituzte eta euren hitza entzunarazteko espazio eta eszenatokiak falta dituzte.

Gaztetxoak herrian eragileak izateko berdintasun alorretik prozesu batean parte hartzen ari dira dagoeneko, baina,  herrian gaztetxoen artean sumatzen den beharra kontuan hartutta beste parte hartze prozesu bat jarriko dugu martxan. Bertan herriko 11 eta 15 urte arteko gazteek (Lehen Hezkuntzako 6.mailatik, DBHko 3. mailara artekoek) euren ideiak, beharrak eta nahiak plazaratzeko aukera izango dute.

Prozesu hau bi saiotan banatuko da eta lehen aipatu bezala Emun Aholkularitza taldeko bi kide izango ditugu dinamizatzaile lanetan, Eresti Oiarbide eta Ihabar Arriaran. Saio praktiko eta ludiko hauetan egingo dena azaltzeko, Ihabarri emango diogu hitza:

 

Emun aholkularitza:

Aurretik esan bezala, bi saiotan banatuko dugu prozesu hau:

-1.saioan herriko diagnostiko bat egitea izango da helburua. Gaztetxoen ikuspegitik eta beraien beharretatik. Horretarako, herriaren mapa kolektibo bat egingo dugu eta gaztetxoak mapa horretako protagonista izango dira, kalera atera eta txoko ezberdinak ezagutuko ditugu; beraien txoko gustukoenak, garrantzitsuenak, faltan botatzen dituztenak… Eta horrekin batera herriarekiko duten pertzepzioa… jasoko dugu.

-2.saioa berriz, identifikatutako behar horiei soluzioa emateko saioa izango da. 2021ean egiteko proiektu batzuk irudikatu nahi dira ondoren udalari aurkeztu eta martxan jartzeko, aurrekontuaren arabera. Horretarako, ideazio saio bat egin, proiektu batzuk definitu eta lehentasunen ariketa bat egingo dugu

Emaitza, beraz, gaztetxoek egindako diagnostiko bat izango da, aurrerantzean ere erabilgarria izan daitekeena udalarentzat zein beste eragile batzuentzat. Horretaz gain, gaztetxoentzat interesgarriak izan daitezkeen proiektu eta ekimenen zerrenda bat egingo da.

 

 

Besterik gabe, prozesu honetan parte hartzera gonbidatzen ditugu herriko gaztetxo guztiak Zaldibi gazte eta bizi bat eraikitzeko, eta Herri Hezitzaile izateko bidean eskua luzatzen diegu herriko haur, gazte, familia, norbanako eta eragileei.

 

Zaldibian, 2021eko apirilaren 30ean