Hondakinen bilketaren inguruko azterketa eskuan izanda, pausoak emateko garaia heldu da.

Zaldibiako Udalean ahalik eta gehien birziklatze aldera, emaitza onenak lortzen dituen hondakinen bilketaren alde egiteko konpromisoa hartu genuen. Horretarako, hondakin bilketa ezberdinen arteko azterketa eskuan dugu eta azaroaren 14ko batzarrean aurkeztuko dugu Antzokian.

Hainbat hilabete igaro dira, Zaldibiako Udalean ahalik eta gehien birziklatze aldera, emaitza onenak lortzen dituen hondakinen bilketaren alde egiteko konpromisoa hartu genuenetik. Horretarako, hondakin bilketa ezberdinen arteko azterketa egiteko eskaera luzatu genion Sasieta Mankomunitateari.

Azken hilabeteotan, Kataluniako Spora enpresa, hondakin bilketaren gaineko azterketa egiten ibili da herrian. Azterketa horretan agertu diren datuak aztertu ostean, birziklatzeko emaitza onenak, atez ateko sistema pertsonalizatuak eskaintzen dituela ikusi dugu. Hau honela izanik bide horretan pausoak ematen hasteko asmoa dugu.

Egitasmo honekin aurrera egiteko, guztion inplikazioa beharrezkoa da. Hala, lehenik parte-hartze prozesu bat egingo dugu, azaroaren 14an, hasita. Bertan, Spora enpresak egindako azterketa aurkeztuko da eta hondakinen bilketa sistema berriaren gaineko informazioa emateaz gain, hainbat gairen inguruan herritarren iritzi, ekarpen eta proposamenak jasotzea da helburua.

Parte-hartzea ahalik eta handiena eta eraginkorrena izan dadin, hainbat bilera antolatu ditugu Nola Eskola enpresaren laguntzarekin. Gutxi gora-behera hilabete iraungo duen prozesu hau amaitu ostean eta ekarpen guztiak kontuan hartu ondoren, batzar orokor bat egingo dugu behin betiko gaikako bilketa sistema aurkezteko.

Zaldibian, gaur egun, % 34 inguru birziklatzen dugu eta gainerakoa Sasietako zabortegira bidaltzen dugu. Orain arteko erritmoan jarraitzen badugu, Sasietak hiru urtean ezingo du zabor gehiago jaso, beraz, konponbideren bat behar dugu lehenbailehen.

Azterketako datuen arabera proposaturiko zabor bilketa berriaren bidez, % 80 birziklatzea lortu nahi dugu, baina horretarako herritar guztion ahalegintxoa beharrezkoa izango da. Emaitza hori lor dezakegu guztion artean eta horrexegatik prozesu honetan aktiboki parte hartzera gonbidatu nahi zaituztet.

UDAL HERRI BATZARRA: AZAROAren 14 ASTEAZKENA, 19:00etan ANTZOKIAn

Gure betebeharra da Zaldibia herri iraunkor egitea. Ondo egitera goaz!

Zaldibian, 2012ko azaroaren 8an

GAURKO AGERRALDIAren inguruan:

Gaur prentsa aurreko agerraldia eskaini dute Zaldibia, Itsasondo eta Legorretako alkateek Sasieta Mankomunitatearen egoitzan. Ikusgarria izan da, Goierriko hiru herri txiki hauetako hondakin bilketaren inguruko azterketa aurkezteko saioak, sortu duen ikusmina. Goierriko ohiko hedabideez gain, EITB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, TVE, bezalako komunikabidetako kazetariak bertaratu dira.

Gai honek hautsak arrotzen dituela ikusita, hemen agertzen zaizuen idatzia igorri dugu Zaldibiako etxe guztietara gaur bertan. Informazioa ahalik eta zuzenen helarazteko helburuarekin.

LOTURAK:

GoierrikoHITZA: Agerraldiko informazioa

NAIZ.info: Agerraldiko informazioa

www.sasietanlore.net

Erlazionatutako lotura zaharragoak:

Goierriko 62 zinegotzi eta 7 Alkatek 5 kontenedorea jarri aurretik azterketa eskatu dute