Osasun Sailaren agindu ofiziala argitaratu da

Eusko Jaurlaritzak asteartean prentsa-aurrean iragarritako neurriei dagokien agindu ofiziala argitaratu zen atzo iluntzean. Aurrerapenean esan genuen bezala, hainbat aldaketa egon dira, beraz hemen atxikitzen dizuegu agindua osorik.

Betebehar orokorrak.

Betebehar orokorren artean, kautela- eta babes-betebeharretan zehazten da “herritar guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituztela COVID-19aren gaixotasuna hedatzeko arriskurik ez sortzeko, bai eta norberak arrisku horiekiko duen esposizioa saihesteko ere”.

Era berean, hasieran agindua izango zela adierazi bazuten ere, honela jaso da aginduan: “herritarrei gomendatzen zaie bizikidetza egonkorreko taldetik kanpoko gizarte-topaketak murriztea, baita gizarte-topaketa horiek gehienez 10 lagunenak izatea ere”.

Sintomatologia duten pertsonak.

COVID-19arekin bateragarriak diren sintomarik ohikoenetako bat  duen edonork etxean geratu beharko du eta ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dio osasun-zerbitzuari. Era berean, etxean bizikiderik badago, ez du haiekin kontakturik izan behar, eta, ahal bada, logela esklusiboa erabili behar du, osasun-zerbitzuaren jarraibideak jaso arte.

Sintomak: sukarra, hotzikarak, eztula, aire-faltaren sentsazioa, usaimena eta dastamena gutxitzea, eztarriko mina, muskuluetako mina, buruko mina, ahultasun orokorra, beherakoa edo okadak.

Kasu honetan gogorarazten diegu herritarrei Zaldibiako Udala ondoan duzuela bakartzea baldintza onetan egiteko eta berrogeialdia egin behar izatekotan eskura ditugun zerbitzuak martxan jartzeko. Horretarako ezinbestekoa zaigu egoera honetan dauden herritarrek Udalera deitzea (943 88 03 57).

Maskarak erabiltzeko derrigortasuna: hemen araudi eguneratua

Talde espezifikoetako PCR baheketak: agerraldi epidemikoren bat izanez gero, PCR proben bidezko baheketak egingo dira arriskuko biztanlerian eta arriskupean egon daitekeen biztanlerian.

Erretzea: Ezin izango da erre bide publikoan edo aire zabaleko espazioetan, ezin bazaio pertsonen arteko 2 metroko gutxieneko distantziari eutsi. Tabakoa arnasteko beste edozein dispositiboren erabilerari ere aplikatuko zaio muga hori, hala nola zigarreta elektronikoei, lurrungailuei, ur-pipei, pipei edo antzekoei.

Edukiera mugatzea eta prebentzio-neurri espezifikoak sektoreka: aginduaren 6. orrialdetik aurrera sektore bakoitzean ezarrritako edukiera-muga eta segurtasun- eta prebentzio-neurriak zehazten dira. Zaldibiako Udala, orain artean bezala, sektore bakoitzeko eragile eta titularrei baldintza hauek jakinarazteko lanean dihardu, baina aginduan bertan kontsultatzeko aukera du edonork.