Trafiko Oharra: hobekuntza lanak GI-2133 errepidean

Alegiatik Abaltzisketarako GI-2133 errepidean bi hobekuntza lan egiteari ekin berri dio Foru Aldundiak: lurrei eusteko horma bat Iraola-Enea etxetik Ordizia aldera, eta asfaltatze lanak Iturritza paretik Gaintzako bidegurutzera, Larraitza bidean.

Iraola-Enetik Ordizia aldera, Zuhaztiko ikuiluaren azpialdean, 50 metro luze eta 2,5 metro altu izango den hormigoizko harri-horma bat egiteko proiektua egin du Foru Aldundiak eta Construcciones Zubieder S.L. enpresari esleitu dio 128.330,59€an, lanak egiteko bi hilabeteko epearekin. 

 

Asfaltatze lanei dagokienez, ORSA enpresari esleitu dio Foru Aldundiak 299.979,36€an eta lanak hasi eta bi hilabeteko epea izango dute amaitzeko. Lanak herriko saihesbidean, Iturritza paretik Larraitza aldeko Gaintzako bidegurutzeraino egingo dira, 4 km inguruko luzeran. Datozen bi asteetan Gaintzako bidegurutze aldean hodi batzuk pasatzeko lanak burutuko dituzte lehendabizi eta ondoren, urriaren amaieran hasiko dira asfaltatze lanak, Zaldibitik Larraitz aldera. 

 

Bi eremuetan langileei, bide-seinaleei eta abiadura mugei arreta jarri eta errespetatzeko deia egiten dugu.