Udal herri batzarreko informazioa

Atzo burutu zen udal herri batzarrean 25renbat herritar bertaratu ziren.  Arauen  gairi buruzko lehen gerturapen bat egiteko balio izan zuen bilkurak.

Udal herri batzarrak bi atal izan zituen, lehena Argi-sare publikoan energia aurrezteko proiektuaren azalpena eta bigarrena Arau subsidiarioen ingurukoa.

Lehen atala Jon Mikel Ruano, Zerbitzu eta Ongizate alorreko zinegotziak azaldu zuen Felix Ezkurra LUIX enpresako teknikariarekin batera eta bigarrena Eñaut Hernandez, Hirigintza batzordeko zinegotziak, Izaskun Aseginolaza teknikariarekin batera.

ARGISAREAN ENERGIA AURREZTEKO PROIEKTUAREN AZALPENA:

Argi-sare publikoaren azterketa egin zuen aurreko kudeaketa batzordeak. Azterketa hau udaleko webgune berrian ikusi dezakezue.

Azterketa honetan hainbat gabezi agertzen dira. Orokorrean Zaldibian dugun argi sare publikoa egoera onean izan arren, honek ez du esan nahi behar bezala argiztatuta dagoenik.

Ondoren, sumatu ditugun eta aldatu beharreko hainbat kontu zerrendatuko ditut:

            Globo erako hainbat farola ditugu herrian zehar. Hauek lurra bezain beste argitzen dute zerua ere, kutsadura luminikoa sortuz.

          Ditugun farolak, ez dute argia erregulatzeko sistemarik. Farolak bi modutan funtzionatzen dute. Piztuta edo itzalita.

           Argisarea banatzeko kaja gehiagi ditugu. Zenbait lekutan lau daude, batek egin lezakeen lana egiteko eta hauetako bakoitzagatik gutxieneko bat ordaintzen du udalak.

          Argi sarea zabaltzean ez da kontutan hartu argiztatze maila. Artxanberri dugu adibidea, farola gehiegi jarri ziren eremuan zehar. Santa Fe kalean, egin zen akats berdina errepikatu da.

Zergatik aldatu ditugu eskola eremuko argiak? Galdera horri erantzuteko LUIX enpresako teknikaria den Felix Ezkurra bertaratu zen. Berak azaldu zituen, jarri ditugun argien abantailak.

2012ko martxoan, Zaldibian, LUIX Argiztapen Adimenduna enpresa teknologiko donostiarrak fabrikaturiko azken belaunaldiko 13 luminaria instalatu dira. Zaldibiako Udalak energia aurreztu, mantenu-lanen kostua murriztu eta ingurumena errespetatzeaz gain, Gipuzkoa mailan fabrikaturiko produktuei bultzada ematearen alde jokatu du.

LED luminaria hauek ohiko luminariekiko dituzten onurak ondorengoak dira:

       Energia aurrezpena %65 baino handiagoa da herrian aurrez instalaturik zeuden luminaria modelo berdinekiko. Informazio hau instalaturiko energia-kontagailuen bidez egiaztatu ahal izan delarik.

       Aurrezpen energetiko honek berotegi-efektua sortzen duten gasen isurtzea murrizten du.

      Luminaria hauek ez dute kutsadura luminikorik sortzen.

      LED teknologian oinarriturik daude, ohiko teknologiekiko bizitza–teknikoa hirukoizten delarik eta ondorioz, mantenu-lanen gutxitzea eta lanpara hondatuei dagozkien hondakinen murrizpena eraginez.

       Argi zuria igortzen dute, era honetan kolore eta formen erreprodukzio hobea lortzen delarik, objektuak hobe bereiztea ahalbidetuz eta argiztapen kalitatea hobetuz.

LED luminaria hauek nobedade teknologiko bat dute txertatuta, potentzia erregulatzen duen sistema bat hain zuzen ere, gauean ordu jakin batetatik aurrera kontsumoa gutxitzen duena eta gainera etorkizunean presentzia sentsoreak gehitzeko aukera ematen duena, auto nahiz oinezkoen presentzia ez dagoenean kontsumo maila gehiago murriztea ahalbidetuz.

Bestalde, luminariei kartel informatiboak, bozgoragailuak, ibilgailu elektrikoak kargatzeko sistema eta beste hainbat elementu eta sistema gehi dakizkieke, luminariak elkarren artean komunikatzeko prestaturik baitaude eta internet bidez kontrolatzeko aukera eskaintzen baitute. Pauso honekin, Zaldibiako Udalak herri ingurune adimendun, aurreztaile eta ingurumenarekiko errespetuzkoa den herria eraikitzearen asmoarekin jarraitzen du. 

Egin ditugun aldaketak eta aurrera begirako asmoak:

         Gutxika globo erako farola guztiak aldatuko ditugu.

         Aurrerantzean jartzen diren farola berri guztiek argiaren intentsitatea erregulatzeko sistema izango dute.

         Inbertsiotarako dugun dirutik, urtero zati bat gordeko dugu, argi-sareko kaxak bateratzeko.

         Hemendik aurrera argi-sarearen zabalpena aurreikusten den lekuetan, eskola eremurako aukeraturiko farolak eta sistema jarri araziko dugu.

ARAU SUBSIDIARIOAK: Etorkizuneko Zaldibia eztabaidagai.

Hainbat gai jarri ziren mahai gainean:

          Kanpain atzealdeko bidea konpontzeko lanak eta ingurua oinezko gune izendatzeko eztabaida.

         BILORE eremuko lur sailaren geroa erabakitzea, industri gune, etxebizitzak, ..

         Bilore inguruko ERROTONDAren kokagunea zehaztu.

        INDUSTRIAGUNE BERRI BAT izendatu edo ez...

        ETXEBIZITZA adosatu edo unifamiliarrak egiteko lur eremurik eskaini edo ez...

Hainbat izan ziren jasotako ikuspegiak eta ideiak. Nahiz eta gai honen gainean iritzi gehiago biltzearen beharra ikusi, bilera honek arauen inguruan egindako lanaren gerturapen bat egiteko balio izan zuen.

Etorkizuneko Zaldibia nolakoa izan behar duenaren eztabaida, hasi besterik ez da egin. Udalak aurrerantzean ere gai honen inguruko ideia eta eztabaidarako guneak irekitzen jarraitu duela jakinarazi zuen.

Amaieran, gaur LURRA ZORUA BAILITZAN goiburupean antolaturiko hitzaldirako gonbidea luzatu zuen Eñaut Hernandezek.