Udaletxe berriaren obra dela eta, mezua zaldibitarrei eta Espainia eta EAEko agintariei

Zaldibiako udal eraikin berriko obrek martxan jarraitzen dutela eta, ondorengo azalpena eman nahi dizuegu herritarrei eta eskaera zehatz bat egin nahi diegu espainiar estatuko eta Eusko Jaurlaritzako agintariei. Jarraian azalpena eta eskaera:

Zaldibiako Udalak, Covid-19aren zabalpena ekiditeko hainbat neurri hartu ditu: Udal eraikinak ixtea, udal jarduera egokitzea, udal langileen osasun-segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea… Herritarroi etxean geratzeko deia ere egin dizuegu, egiten ari zareten ahalegina eskertuz eta etxetik atera ez zaitezten hainbat zerbitzu martxan jarri ditugu herritarren eskura.

Eta hau guztia egin bitartean, udal eraikin berria egiteko obrak ez dira gelditu, martxan daude. Guretzako kontraesan handi bat da, eta honen inguruko azalpenak eskaini nahi genituzke:

Espainiar Gobernuak ez du eraikuntzaren sektorea ere gelditu edo jarduera eteteko agindu. Eraikuntza enpresek, bere jarduera egokitu behar izan dute, nola ez, langileen osasun segurtasuna bermatu dadin. Udaletxe berriko lanen kasuan protokoloa ezarrita dago eta obra zuzendaritzak hala betetzen ari direla ziurtatzen du. Zaldibiako Udala, hau hala izan dadin gainean egongo da, noski.

Baina zergatik ez gelditu? Hemen dago koxka.  Eraikuntza lanek kostu finko batzuk dituzte, garabiaren eta aldamioen alokairua, langileen soldata, argi-indarra… Gobernuetatik eraikuntza sektorea geratzeko agindua etortzen ez den artean, Zaldibiako Udalak obrak geldiaraziko balitu, berak aurre egin beharko lieke eraikuntza enpresek eskatutako kalte ordain guztiei.

Horregatik jarraitzen dute lanek aurrera, beti ere, langileen segurtasunerako protokolo zorrotz batekin.

Eta hau horrela izanik, gure txikitasunetik eskaera argia luzatzen diegu Espainiar Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako agintariei:

  • Ezinbesteko ez den jarduera presentzial oro eteteko agindu dezatela, langile guztiak etxean geratzeko. Eraikuntza lanak (tartean udal eraikinarena) ez dira ezinbestekoak, lanak 3 hilabete beranduago bukatuta ere ez da hil ahal biziko arazorik izango.

Gure uste apalean, bizi dugun larrialdi egoeraren irtenbiderantz eramango gaituen erabakia izango da, ezinbestekoak ez diren jarduera presentzial oro etetearena. Berandu bada ere, agindu hau ezinbestean etorriko denaren ustearekin agurtzen gara.

Zaldibian, 2020ko martxoaren 25ean.