Zaldibi Plazara, Plaza eraberritzeko partaidetza prozesua

Ostiral honetarako iragarri bagenuen ere, azkenean ARDIKI EGUNAren baitan egingo da azaroan hasiko den partaidetza prozesuaren aurkezpena. Plazan bertan kokaturiko gune batean, 11:00etatik 13:00etara prozesuari buruzko azalpenak emango zaizkie gerturatzen diren herritarrei eta plazako argazki zahar eta berriagoak egongo dira ikusgai.

2014an abiatu zen Zaldibiaren etorkizuna partaidetza prozesuan landutakoan oinarrituz, udalak Zaldibiako Eraikin Publikoen gaineko Ekintza Plana sortu zuen 2016an. Bata zein bestea uztartuta, plazaren eraberritzeari ekin zitzaion.


Udal Eraikin berria egiteko lanak martxan direla, plazaren diseinu berria zehazten joateko unea heldu da. Estalpea, parkea, egonlekuak… denon artean gure herriaren bihotza den plaza antolatzeko garaia iritsi da.


Azaroan hasiko den prozesu honek Zaldibiko herritarren partaidetza sustatzea du xede, hau da, martxan jartzea herritarrek aktiboki eta zuzenean parte hartzeko kudeaketa eredu bat.


Helburu nagusia herritarren partaidetza ardatz izanda Zaldibiko plaza eraberritzeko gakoak, ideiak, lehentasunak... zehaztea litzateke, etorkizunean garatuko den plaza berriaren oinarriak finkatuz.


Prozesuaren xehetasunak gehiago azaltzeko asmo jarriko den informazio gunera gerturatzera gonbidatzen zaituztegu Zaldibiako herritar guztiak eta aurrerago ere jarraituko dugu azalpenak ematen prozesuaren nondik norakoez.