2020ko aurrekontuak onartu ditu udalak behin-behinean

Atzo ospatu zen Ohiko Osoko bilkuran behin-behinean onartu ziren aurtengo aurrekontuak. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta jendaurreko epea pasa ondoren sartuko dira indarrean. Jarraian Osoko Bilkuran landutako gaien informazio gehiago.

Atzo, urtarrilak 22, asteazkena, 19:00etan ospatu zen urtarrileko Ohiko Osoko Bilkura. Honakoa izan zen gaiordena:

1. 2019ko Azaroaren 21an egindako bileraren aktaren irakurketa eta bere kasuan, onespena.
2. Aurreko bileratik gaur egunera Alkateak sinatu dituen Dekretuen zerrenda.
3. 2020ko ekitaldiari dagokion aurrekontu orokorrak behin-behineko onartzea
4. Batzorde informatzailea iraunkorra eta orokorra eratzearen proposamena onartzea
5. Zinegotzi baten dimisioaren eta beste baten kargu hartzearen berri ematea
6. Erraustegiari buruzko eztabaida – Usurbilgo Alkatearen eskariaren harira mozioa onartzea
7. Urtarrilak 30, Greba Orokorra - Gutun Sozialaren ebazpena onartzea
8. 2019ko aurrekontuaren egikaritza txostena aurkeztea.
9. Galde erreguak

Puntu hauez gain, presazkoak zirela erabaki ondoren, beste bi gai ere sartu ziren: Foru Aldundiarekin herritarrei Mugi Txartelaren tramitazioa errazteko hitzarmena onartzea eta atzoko atxiloketen harira Zaldibiako EHBilduk aurkeztutako adierazpen proposamena onartzea.

Atzoko bilkuran onartzeko aurkeztu ziren gaietan, honakoak izan ziren erabakiak:

- 2020ko ekitaldiari dagokion aurrekontu orokorrak behin-behinean onartu ziren, EHBilduren aldeko 5 bozkekin eta EAJ-PNVren 3 kontrako bozkekin.

- Batzorde informatzailea iraunkorra eta orokorra eratzea onartu zen, aho batez. Batzorde kideak ere onartu ziren: EHBilduko bi ordezkari (Eztitxu Mujika Mariezkurrena eta Mikel Luloaga Aranburu) eta EAJ-PNVren ordezkar bat (Garbiñe Mendizabal Mendizabal). Plenoko gaiak landuko ditu batzorde honek.

- Urtarrilak 30, Greba Orokorra. Gutun Sozialaren ebazpena onartu zen, Zaldibiako Udalak bat egingo duelarik grebarekin. EHBildukoek alde bozkatu zuten eta EAJ-PNVkoek aurka.

- Foru Aldundiarekin herritarrei Mugi Txartelaren tramitazioa errazteko hitzarmena onartu zen, aho batez.

- Atzoko atxiloketen harira Zaldibiako EHBilduk aurkeztutakoUdal adierazpena onartu zen, EHBilduko zinegotzien aldeko bozkekin eta EAJ-PNVkoen abstentzioarekin. 

Atzoko beste puntuetako bat zinegotzi baten dimisioa eta beste baten kargu hartzearen berri ematea zen. Aurrez adierazia bazen ere, Udalbatzarrean berri eman behar da hauteskunde batzordera aldaketa tramitatu aurretik. Hala, Ingurumena, Landa Garapena eta Lehen Sektorea arloaren ardura izan duen Unai Beloki Garmendiak kargua utziko du, eta Xabier Irastorza Jauregi "Berdi"k hartuko du bere lekua. Alkateak biei eskerrak emateaz batera, aurrean diren erronkei heltzeko indarra helarazi zien.

Hala, 20:20 zirenean, amaiera eman zitzaion Udalbatzari. Hurrengo Ohiko Osoko Bilkura apirilean izango da.