Bizitza autonomia eta kalitatea hobetzeko proiektuak abian

Urteetan aurrera joan ahala, norbere osasun eta bizitza mailari ahalik eta ondoen eustea erronka bihurtzen da. Zaldibiako Udalak, Beti Gazte Elkartearen laguntzaz, hainbat zerbitzu eta aukera eskaini izan ditu azken urteetan, eta pandemiaren ondorioak mahai gainean ditugun honetan, bidean sakontzen jarraitzeko hainbat erronka eta eskaintza ditu 2021erako.

 

Iazkoa urte gogorra izan da denontzat, are gehiago herriko adinekoen kolektiboarentzat, gaixotasunaren aurrean ahulenak izateagatik batetik, eta bizi mailari eusteko ohiturei jarraitzeko izan dituzten mugengatik bestetik. Errealitate horri aurre egin nahian, zerbitzu berriak ditu Udalak begi-bistan.

 

GOI OSASUN LAB

Egun hauetan, 70 urtetik gorako herritar guztiek zerbitzu honi buruzko informazioa jasoko dute etxean, bosna maskara kirurgikorekin batera.

Helburua:

Iaz Ataunen eta Beasainen garatu zen proiektu honek, Goierrin saretzeko helburua du eta aurten Zaldibian ere emango da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Adinberri fundazioaren baitatik dator proiektua eta helburua prebentzioan oinarrituz bizi mailari eta osasunari eusteko bitartekoak ematea da.

Herriko zerbitzu ezberdineko arduradunek koordinatzen dute proiektua (osasun zentroa, oinarrizko gizarte zerbitzua, kultur zerbitzuak), Ubikare taldearekin batera. Prozesuan ematen diren urratsak hauek dira: lehenik parte hartzaileak identifikatzen dira. Ondoren, diagnosi integrala egiten da pertsona bakoitzari modu indibidualean eta bakoitzarentzat zaintza plana definitu eta berau martxan jartzeko interbentzio prebentiboa zehazteko. Amaitzeko parte hartzaileak ebaluatzen dira izandako hobekuntzak aztertzeko.

Ekintza zehatzak:

Proiektuan parte hartzen dutenek, ariketa fisikoa, estimulazio kognitiboa, elikadura edo emozioen kudeaketa lantzeko jarduerak jasoko dituzte, asteroko maiztasunez. Ordenagailu edo tablet bidez izango dira saioak, indibidualak eta taldekakoak, etxetik bertatik jarraitzeko modukoak. Portatil edo tablet-a ez dutenei, baliabide hau jarriko zaie eta berau erabiltzen erakutsiko dion laguntzailea joango da etxera lehenengo saioetan.

Denborak:

Otsailaren 28ra arte irekita dago izena emateko epea. Zerbitzu berria izanik, zalantza ugari egon daitezkeenez, telefono bat jarri dugu informazioa nahi duen edonorentzat: 943 84 74 77. Izena emateko ere bertara deitu behar da.

Balorazioa eta saioak 2021eko martxoa eta ekaina artean izango dira.

Uztailean berriz, balorazioa eta ebaluazioa egingo dira, proiektuari amaiera emango zaiolarik.

Nortzuk eman dezakete izena?

70 urtetik gorako herritarrei egin zaie deialdia. Batez ere beren bizi-maila eta osasun indarrari eutsi nahi dioten herritarrei zuzendua dago zerbitzua. Azken urtebetean, asko izango dira ariketa fisikoa egiteko zailtasunak izan dituzten pertsonak, lehen ikastaro ezberdinetara joaten zirenak, baina orain ezin dutenak, ohitura osasuntsuei eusteko trabak edo beldurrak dituztenak… Ohitura horiei eusteko bultzadatxoa behar dutenei bideratua dago orokorrean, eta zerbitzu pertsonalizatua da, norbere beharretara moldatuko dena eta etxetik bertatik jarraitu ahal izango dena.

 

ESKATU INFORMAZIOA LASAI, 943 84 74 77 TELEFONOAN

 

 

MANTENIMENDU GIMNASIA

Urtero bezala, martxan da mantenimendura bideratutako gimnasia ikastaroa. Astearte eta ostegunetan izaten da, goizeko 9:15etik 10:15era Luberri Gimnasioan. Taldeak hilabeteak martxan badaramatza ere, badago lekua eta Karreane Kultur Etxean eman dezakezu izena.

 

UDALETXE BERRIAN, ZERBITZU BERRIA JARTZEKO LANKETAN

Prebentzioan oinarrituta, eta pertsonen autonomia eta bizi kalitatea mantentzeko helburuarekin, herrian bertan kokatuko den egitasmoa du Udalak begi-bistan. Udal eraikin berria egiteko proiektuaren baitan lekutu zen erronka hau eta aurtengo udazkenean martxan jartzea da helburua, egoerak ahalbideratzen badu behintzat.

Datozen hilabeteetan garatu eta zabalduko da zerbitzuari buruzko informazioa.