Igandean, herrira etorri berriei ongi-etorria

Goizeko 11:00etan hasiko da Ongi-Etorria udaletxean. Azken hilabeteetan herrian erroldatu diren guztiak dira gonbidatuak, eta udalak eta herriko eragileek ongi-etorria egingo diete.

 

Ekimenaren jatorria:

2020an hasi ginen herrian erroldatu berrientzat Harrera Eguna antolatzen. Iaztik ekimen hau berpentsatu eta sakonago landu ondoren, Harrera Integralerako proiektua garatu genuen eta igandean izango du hurrengo pausoa, Ongi-Etorri saio berri batekin. 

Ongi-Etorri saio honen helburua, herrira etorri berriei ongi-etorria emateaz gainera, herriko berri eman eta interesgarri izan dakieken informazioa eta harreman-bideak eskuragarri jartzea da. Baita, nola ez, elkar ezagutza sustatu eta herrian saretzeko aukera sortzea ere. Saioa prestatzeko kontuan izan dira erroldatzerako unean etorri berriek borondatez bete ahal izan dituzten galdetegiak, ahalik eta ongi-etorri pertsonalizatuena egin asmoz. 

Izan ere, saio hau aurretik datorren bide bateko bigarren geltokia izango da. Udal ordezkari, langile eta herriko eragileetako kideek formakuntza jaso zuten aurrez aniztasunaren, migrazioen edota identitateen inguruan eta udalean harrerarako protokolo bat osatu zen. 

 

Egitaraua: URRIAK 1, IGANDEA

11:00etan Udaletxe atarian elkartu eta Areto Nagusira igoko gara Ongi-Etorriari hasiera emateko

Ondoren, kalean agurra eta ibilaldia egingo dugu herri-guneko puntu ezberdinetara

12:15 aldera berriro plazan izango gara mokadutxo batekin amaiera emateko

 

Parte hartzaileak:

Azken hilabeteetan Zaldibira etorri diren herritarrak izango dira protagonistak eta herriko hainbat eragiletako ordezkarien eta udal ordezkarien ongi-etorria jasoko dute. 

Gainontzeko herritarrek ere etortzeko aukera dute, hala nahi izanez gero.

 

Martxoaren 25ean egin zen ongi etorriko argazkiak, jarraian:

2023-03 Ongi etorri Zaldibira!