Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna

Zaldibiako Udalak adierazpena egin du Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrarekin duen konpromisoa irmoki berretsiz.

 

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrarekin dugun konpromisoa irmoki berresten dugu. Printzipio demokratiko hori ukaezina da, eta gizarte justu, aske eta kohesionatu baten funtsezko zutabea.

Gaur, ahotsa irmo altxatzen dugu berdintasuna defendatzeko eta aldarrikatzeko, bere diskurtsoa zokoratzen eta zalantzan jartzen ari baita komunikabideetan, sare sozialetan eta, modu kezkagarrian, giza harremanetarako eguneroko espazioetan.

Historian zehar berdintasunaren aurrerapenen aurrean gertatu den bezala,  mugimendu antifeminista baten goraldian gaude gaur egun, diskurtso erreakzionario eta misoginoetan adierazten dena.  Narratiba horiek oinarrizko konkistak zalantzan jartzea, nahasmendua sortzea eta indarkeria matxistaren existentzia deslegitimatzea bilatzen dute.  Diskurtso antifeministak erasoaldi politiko eta kolektiboki antolatua osatzen dute, eta eztabaida publikoan ezin dira beste iritzi bat bezala onartu .

Berdintasunaren defentsa ez da aukera bat, ezta ideologia bat ere: giza eskubide unibertsala da, aitortua eta babestua.   Hamarkadetan kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu duten eskubidea da emakumeek, mugimendu feministak, erakundeek eta pertsona aliatuek, batez ere, diskriminazioa desagerrarazteko, askatasunak zabaltzeko eta guztientzako aukerak bermatzeko

Berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea aldarrikatzen dugu;  baita indarkeria matxistaren biktimak eta bizirik atera direnak  aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten dituena ere. Izan ere, ozen eta garbi esaten dugu berdintasunik gabe ez dagoela erabateko demokraziarik, eta indarkeria matxista desagerrarazi gabe, ez dagoela guztiontzako askatasunik.

Martxoaren 8an, euskal udalek dei egiten diegu herritar guztiei eta erakunde guztiei batuta eta elkartuta  irmo egon gaitezen lortutako eskubideak  defendatzeko eta , atzera pausurik gabe, berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egiten jarraitzeko.

Horregatik, Zaldibiako Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

• Gure udalerri eta eskualdeetan taldeak sor daitezen sustatzea, diskurtso misogino eta antifeministei aurre egiteko  eta informazio faltsuen hedapena desaktibatzen laguntzeko.

Erresistentzia-aliantzak sustatzea talde feminista eta tokiko beste eragileekin, jarrera antifeministak identifikatzeko eta eteteko bizikidetza-espazioetan eta komunitate birtualetan.

Baliabideak eta egiturak zaintzea eta babestea, gure udalerrian berdintasun-politikek aurrera egiten jarrai dezaten.

 

Herritarrei dei egiten diegu Aske talde feministak eta oro har mugimendu feministak antolaturiko ekintza eta mobilizazioetan parte hartzera.