Olakosaiko itxitura konponduta, herri-mendiko arauak errespetatzeko deia

Maiatzaren hasieran albiste izan zen Olakosaroiko itxitura, hautsia zegoelako kate eta hesiz moldatua, behin eta berriz irekia izan zela. Itxitura konponduta, Udaletik gogorarazi nahi dugu herri-mendian motordun ibilgailuekin sartzea debekatua dagoela, baimenarekin ez bada.

Denborak eta aire zabalean egotearen baldintzak medio, itxitura egoera kaxkarrean izan da azken hilabeteetan. Behin-behinean hesi metalikoz eta katez bermatu nahi izan da itxitura horren funtzioa, harik eta berria jartzeko modua egiten zen arte. Hala ere, azken asteetako gora-beherek konponketa lanak azkartzea eragin dute, katea hautsi eta motordun-ibilgailuz pasa baita edo baitira bakarren bat edo batzuk. 

Itxitura berria zuzenka jarri da, batetik, lanak egiteko zoru hobea zelako, eta bestetik, metro gutxiago zirelako. Lehendik zeuden egurrak erretiratu egingo dira datozen egunetan, beste gune batzuetan berrerabiltzeko. 

Itxitura konponduta beraz, gogorarazi nahi da hain juxtu beronen funtzioa: herri-menditik gora ezin da motordun ibilgailurik sartu, soilik Udalak hartarako baimenduek dute horretarako aukera. 

Era berean, maiz agertu izan dira motorren gurpil arrastoak Olakosaroiko atseden-guneetan. Zelaien mantenuak berekin duen lanaz eta denona den ondareaz kontziente izanik, halakorik berriz ez egitea eskatzen dugu. 

Bukatzeko, itxiturei lotutako azken ohartarazpen bat, egunotan sortu diren gora-behera eta kexa batzuk medio. Herriko txokoez gozatuz gabiltzan honetan, bidean aurkitzen ditugun langekin ardura eskatzen dugu, batez ere ganadua bertan dabilenean. Langa itxita bazegoen, pasa ondoren ere itxita utzi. Keinu txiki honek lan eta arrisku asko saihesten ditu.