Usurbilgo Alkatearen mezua eta erantzuna

Usurbilgo Alkate den Agurtzane Solabarrieta Mesak gutuna bidali dio Zaldibiako Alkateari. Usurbilgo Udalbatzak hala erabakita Erraustegia martxan jarri izanaren harira Gipuzkoako Alkate guztiei bidali die gutuna Solabarrietak eta ostiral honetan, abenduak 13, 19:00etan Usurbilen egingo den manifestaziora joateko deialdia egin dute.

Jarraian irakur ditzakezu Usurbilgo alkatearen gutuna eta Zaldibiako alkateak bidalitako erantzuna:

Agurtzane Solabarrieta Mesa Usurbilgo alkatearen gutuna:

Alkate estimatua:

Ondo dakizu herri baten egunerokoan zenbat gorabehera sortzen diren. Alkatetzak, poz eta esker oneko uneekin batera, buruhausteak ere ekartzen dizkigu. Horregatik, karguaren konplizitateak elkar ulertzea erraztuko duelakoan, zuregana zuzentzen naiz nire kezka azaltzera.

Lehengo ostegunean probaldi fasean jarri zuten Zubietako errauste-planta, hain justu, Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratu zuen egun berean. Egunotan Madrilen bildu dira munduko agintariak, larrialdi klimatikoari aurre egiteko politika zehatzak zehazteko. Gaia serioa eta kezkagarria ez balitz, usurbildarroi inork gustu txarreko broma egin digula dirudi. Baina, tamalez, ez da broma, ez. Oso kezkatuta gaude, egunero errauste-plantaren tximinietatik ateratzen diren ke-zutabe erraldoiak ikusten ari baikara, beheko irudian ikusiko duzun bezala. 8 urteko alabak egunero galdetzen dit: “Ama, zergatik egin dute? Txarra da?”. Herriko haurrek duten kezkaren isla da.

Zubieta, argitu dezagun, udalerri izaerarik ez duen herrixka da. Administratiboki bitan banatuta dago: parte bat Donostiaren menpekoa da, eta bestea Usurbilen menpekoa. Geografikoki Oria ibaiaren ertzean dago, eta Lasarte-Oriako eta Usurbilgo herriguneak ditu gertuen. Donostiako erdigunea hamar bat kilometroko distantziara dago.

Errauste-plantaren proiektuak izan dituen gorabeheretan ez naiz sartuko, baina uste dut arazo etiko, demokratiko, ekologiko eta ekonomiko latz baten aurrean gaudela. Inork ez du aldamenean nahi, eta, hala ere, derrigorrean egin beharrekotzat saldu zaigu.

Dilema etiko horrek dimentsio latza hartzen du errauste-plantak eragiten dituen osasuneta ingurumen-kalteak aintzat hartuz gero. Ikerketa asko daude argitaratuta, aldizkari serio, fidagarri eta modernoetan, errauste-plantaren osasun-kalteak nabarmentzeko eta ebidentziaren mailara eramateko. Berriki, Zubieta Lantzen elkarteak, errauste-planta martxan jarri aurreko azterketa zientifiko bat egin du. Kutsagaiak neurtzen hasteko, bi ikerketa-lerro zabaldu dituzte, errauste-plantaren zero gunetik hurbil dauden herrietan; oilategietan laginak hartu dituzte, dioxinak neurtzeko, eta Usurbil, Lasarte-Oria zein Andoaingo ama taldeek bularreko esnea eman dute aztertua izan dadin. Azterketa hauek martxan jarri aurretik eta martxan jarri ondorengo urteetan errepikatu nahi dituzte.

Ikusteke, beraz, zer dioten, gure kasuan. Administrazio publikoaren ardura euren gain hartu dute herritarrek, eta, zentzu horretan, bada txalotzekoa eta azpimarratzekoa euren jokabidea. Errauste-plantak eragin dezakeen kezkaren beste adibide bat baino ez da.

Izango da ikerketa horiei sinesgarritasuna kentzen dienik (gainera, ez dugu zertan denok iritzi bera eduki), baina, osasunaz ari garela, arrisku hutsak aski behar luke arduraren eta prebentzioaren printzipioa aplikatzeko beste ezeren aurretik.

Osasunak eta ingurumenak kezkatzen nau gehienbat, gaurko eta biharko herritarrek jasan dezaketen eragina eta ondorengo belaunaldiei utziko diegun mundua. Ardura instituzionala dugun guziok dugun kezka izango dela ulertzen dut. Ez dut dudarik.

Aitortuko dizuet, edonola ere, ez dela kezka bakarra, proiektu honetaz ari garelarik. Beste bi alderdik ere arduratzen naute: batetik, proiektuaren kostu ekonomiko handiak eta horrek udaloi eragingo diguna; bestetik, Europak etorkizunerako markatzen dituen direktibei entzungor eginez, Gipuzkoako hainbat herritan abiatutako hondakintratamendurako bide jasangarriari muzin egiteak. Alderdi humano, sozial, ekologiko, eta ekonomikotik begiratuta, atzerapauso izugarria da errauste-planta martxan jartzea.

Gipuzkoako gizartea egunez egun erakusten ari da ez dela behar halako azpiegiturarik. Hainbat herritako birziklatze-tasak Gipuzkoa osora estrapolatuz gero, kitto, bukatuta legoke eztabaida. Garbi dago, beraz, zein den bidea. Horregatik, zentzu betea du herrian entzuten den esaldi honek: “Burua duenak ez du ondoan nahi eta bihotza duenak ez du inon nahi.”

Azken batean, hondakinak kudeatzeko dugun moduak eta, zer esanik ez, dilema etiko, demokratiko eta ekologiko baten aurrean hartzen dugun jokabideak, garbi islatzen dute zer garen, nolakoa den gure izaera kolektiboa.

Horiek horrela, hauxe da egin nahi dizudan eskaera:

Alderdien arteko eztabaida eta logiken gainetik, karguak ematen digun konplizitateaz, Zubietako errauste-plantaren gaia zure herriko udalbatzarrera eramatea. Nahi nuke itxikeria politikorik gabe eta herritarren ongizatea oinarritzat hartuz, gai honi buruzko eztabaida parametro etiko, demokratiko eta ekologikoetan ematea. Halaber, ostegunean izan genuen udalbatza saioan hartu genuen erabakiaren berri emateko baliatu nahi dut gutun hau: egoerarekin kezkatuta eta larrituta, Usurbilgo Udalak abenduaren 13rako manifestazioa deitu du eta zuk ere bat egiteko eskatu nahi dizut. Alboan behar zaituztegu.

Gure herria larrialdi egoeran dago eta SOS mezu bat igortzen dizuet.

Besterik gabe, jaso ezazu nire agurra eta esker ona.

Agurtzane Solaberrieta Mesa
Usurbilgo Alkatea

Eztitxu Mujika Mariezkurrena Zaldibiako alkatearen erantzuna:

Usurbilgo Alkate Agurtzane Solabarrieta Mesa agurgarria,

Jaso dut zure mezua, mezu argi bezain larria. Alkatetik alkatera, idatzian aipatzen duzun konplizitatez, nire ulermena adierazi nahi dizut. Ulertzen dut erraustegia dela eta Usurbilgo herritarren osasunaz eta ingurumenean duen eraginaz duzun kezka.

Are gehiago, adierazi nahi dizut, Usurbil eta Zaldibia kilometro batzuez aparte egonagatik ere, neuk ere badudala kezka Zubietan martxan jarri berri duten Erraustegiaren osasun kalte, ingurumen kalte eta kalte ekonomikoez ere, Gipuzkoar guztiongan izango baitute eragina.

“Burua duenak ez du ondoan nahi eta bihotza duenak ez du inon nahi” diozue Usurbilen. Bai baitakigulako, naturak eman digun senez, kaltegarri edo arriskugarri dena ingurutik alboratzen. Baina kasu honetan Zubieta, Usurbil eta ingurukoei inposatu egin dizuete arrisku horretan bizitzea, bertan gipuzkoar guztion hondakinak erretzeko.

Eta horregatik eskatzen duzue, bihotza. Horregatik aldarrikatzen duzue solidaritatea. Alkatetik alkatera aipatu dugu, baina amatik amara ere hitz egin nahi dizut alaba eta usurbilgo gainontzeko haurrak ere kezkatuta daudela aipatu duzunez. Balioetan heztea oinarri izanik, norberarentzat nahi ez duguna besteei ez opatzea irakatsi ziguten gure gurasoek eta gaur gure seme-alabei gauza bera transmititu nahi diegu.

Eta pentsatzen dut: usurbilgo haurrei aurpegira begiratu eta nork azalduko die hau? Nork azalduko die beraien osasuna arriskuan jartzea lehenetsi dela gainontzekoen erosotasuna eta gutxi batzuen negozioa ziurtatzeko?

Aipatzen duzu hainbat herritan egunez egun erakusten dela errauste planta bat ez dela beharrezkoa. Ba Zaldibia da horietako bat hain zuzen. Aurten, esaterako, urtarriletik urrirako datuak eskutan, %82ko bataz bestekoa bildu eta birziklatu da gaika gure herrian. 2018an urteko eta biztanleko 54 kg errefusa bildu zen Zaldibian, Sasieta Mankomunitatea osatzen dugu 23 herrien artean 5. datu onena.

Egunez egun gure saiakera egiten dugu zaldibitarrok, guretzat nahi ez duguna besterentzat nahi ez dugulako. Eta bide horretan hobetzen jarraitzeko asmoa dugu: gutxiago sortu, berrerabili eta birziklatu. Hortxe gakoa eta gure borondatea.

Eskatzen didazun bezala udalbatzarrera eramango dut gaia, bertan diozun bezala “itxikeria politikorik gabe eta herritarren ongizatea oinarritzat hartuz” eztabaidatzeko. Aldi berean, Usurbilgo Udalak abenduaren 13rako deitu duen manifestazioarekin bat egingo dudala jakinarazten dizut. Alboan behar gaituzue, alboan izango gara.

Jaso  nire agurra,

Eztitxu Mujika Mariezkurrena
Zaldibiako Alkatea