Udal adierazpenak, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta

Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, Zaldibiako Udalak ondorengo adierazpenak plazaratu ditu. Arratsaldeko 20:00etan Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzea egingo da plazan eta bertara batu da Udala ere. Herritarrei parte hartzeko deia egin die.

Azaroaren 21eko udalbatzan gaurko egunari buruzko bi adierazpen izan zituen mahai gainean udalbatzak, udal-talde bakoitzak berea aurkeztu baitzuen. Jarraian irakurri ditzakezu adierazpenak osorik, eta hemen Udalak hartutako konpromisoak:

 

AZAROAK 25, EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA EZABATZEKO NAZIOARTEKO EGUNA ADIERAZPENA: EH BILDUko ordezkarien aldeko bozkekin eta EAJ-PNVko ordezkarien kontrakoarekin onartua.

  • Adierazpena osorik HEMEN.  
  • KONPROMISOAK:
  1. Kontzientziazio-, sentsibilizazio-, prestakuntza- eta erreparazio-lana sustatzen jarraituko dugu, indarkeria matxistak desagerrarazteko bidean aurrera egiteko.
  2. Indarkeria matxistaren errealitate anitzei behar bezala erantzuteko beharrezkoak diren programak-, neurriak-, zerbitzuak martxan jarri edo/eta indartzen jarraituko dugu.
  3. Jai giroan ematen diren erasoei erantzuteko eta hauek prebenitzeko protokoloa eguneratuta,  lanketa hau Mugimendu Feministarekin eta Jai Batzordearekin batera egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu.
  4. Indarkeria matxistarekin zerikusia duten baliabide, zerbitzu eta prozedura guztiak, administratiboak nahiz judizialak, publikoak, doakoak eta ez diskriminatzaileak direla  bermatzeko deia egiten dugu.
  5. Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak hautematen eta esku-hartze goiztiarra egiten laguntzeko, udal-zerbitzuen bidez, beste eragile batzuekin lankidetzan (hezkuntza-, osasun- eta polizia-agenteak, etab.), eta dituzten beharrei eta baldintzei erantzuteko konpromisoa hartzen dugu.
  6. Neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jarduerak antolatzen jarraituko dugu.
  7. Neska, mutil, gazte, emakume eta gizonekin afektibitatea, harreman ereduak, rol sexistak gainditzeko estrategiak, eta parekidetasuna lantzeko programak garatzen jarraitzeko konpromezua dugu.
  8. Prozesu parte hartzaile feministan oinarrituta, ikuspuntu intersekzional batetik,  herrian zaintza lanak demokratizazio bidean jartzeko konpromezuarekin jarraituko dugu.
  9. Herriko norbanako zein mugimendu feministarekin elkarlanean, herrian indarkeria matxistaren kontrako eta emakume eta nesken ahalduntzea sustatzeko programak eta ekintzak garatzen jarraituko dugu.
  10. Horretarako, 2023ko aurrekontuetan arlo hauetara bideratutako partidak indartzeko konpromezua hartzen dugu, inolaz ere murrizketarik egin gabe.
  11. Foru Aldundiari, Emakunderi eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontu-partidak handitzeko, berdintasun zuzendaritzak eta epaitegi espezializatuak modu iraunkorrean sendotzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko.
  12. Zaldibiako Udaletik, borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berresten dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean. Bat egiten dugu mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin. Herritarrei eta jendarte osoari ere dei egiten diogu mobilizazio horretan parte har dezaten. Zaldibiako kasuan, iluntzeko 20:00etan elkarretaratzea deitu da plazan.

 

AZAROAREN 25ERAKO EUDELEN ADIERAZPEN EREDUA, 2022KO EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIAREN AURKAKO EGUNA DELA ETA: EAJ-PNVk aurkeztua eta EH BILDUko ordezkarien abstentziarekin eta EAJ-PNVko ordezkarien aldeko botoekin onartua.

  • Adierazpena osorik HEMEN
  • KONPROMISOAK:

1. Era sakonean ezagutzea emakumeei espazio publikoa ukatzeko modu anitzak, tokiko politiken diseinuan eta garapenean kontuan hartzeko.
2. Lege eta politika integralen ezarpen eraginkorra bultzatzea, espazio publikoetan sexu-indarkeriari aurrea hartzeko eta erantzuteko. Eta, era berean, gaitasunak, sentsibilizazioa, komunitate-mobilizazioa eta beste estrategia batzuk garatzea.
3. Aldaketak bultzatzea jarreretan eta portaeretan, emakumeek eta neskatoek indarkeriarik gabeko espazioez gozatzeko dituzten eskubideak bermatze aldera. Hori gauzatzeko, errespetuzko genero-harremanak, genero-berdintasuna eta segurtasuna sustatzea espazio publikoetan.
4. Inbertsioak sustatzea, espazio publikoetan hautemandako segurtasun errealari dagokionez; genero-ikuspegia ziurtatzea hiri-plangintzan, emakumeen beharrizanak kontuan har daitezen.
5. Berdinsarea tokiko jardunbide sare gisa indartzea, ekimenei eta jardunbide egokiei buruzko ezagutza-trukea errazteko. Eta hiri eta herri seguru eta inklusiboak lortzeko, emakumeentzat eta neskentzat.
6. Beste erakunde eta administrazio batzuekin lankidetzan aritzea, Emakunde eta foru-aldundiekin besteak beste; gizarte-taldeekin, feministekin, ere, emakumeek eta neskek aukera izan dezaten espazio publikoaz segurtasunez eta berdintasunez gozatzeko.